Proiektua Zorrozua Asociados enpresarekin lankidetzan egin da, eta haiekin lan-filosofia berri bat hausnartu da, baita pertsonen eta sailen arteko harremanak birplanteatu ere, Bridgestoneren enpresa estrategiarekin bat datorren lan-espazio bat proposatzeko.
Komunikazioa, talde-lana eta berrikuntza sustatuko dituen espazio bat lortzeko, bulego ireki, malgu, horizontal eta hierarkiarik gabea planteatzen da. Espazio malgu eta teknologikoa bilatzen da, eta, aldi berean, iraunkorra eta gizatiarra izatea. Bulego pragmatikoen aurrean, helburua espazio berritzaile eta kolaboratibo bat sortzea da.
Bridgestone Basauriko lantegiko bulegoen eraikina 1967an Jose Antonio Dominguez Salazar arkitektoak eraiki zuen. Eraikin razionalista da, Bizkaiko Mugimendu Modernoaren irizpideekin bat datorrena, arkitekturaren adibide nabarmenetakoa. Barne-espazio gardenak ditu, leihate horizontal handien bidez ondo argiztatuak, eta garai hartako eraikuntza-sistemak eta material aurreratuak erabiltzeagatik nabarmentzen da. Eraikinaren laugarren eta bosgarren solairuetan daukagun espazio diafano bikaina errespetatuz, eta ekialdeko eta mendebaldeko argi eta bistetara irekita, mahai biribil eta eliptiko handiak banatzen dira, dagokien landare-oasi hostotsua inguratzen dutenak.
Oasi horietan lanpostu nomadak daude. Proposamen honekin konfort gunea hautsi nahi da, sormena eta berrikuntza aktibatzeko. Lanpostua pertsonalizatzeari uko egiteak pertsonen arteko harreman berriak sustatuko ditu eta talde-lana erraztuko da. Lanpostuen malgutasunak eta mugikortasunak pertsonen arteko harremanak erraztuko dituzte, informazioa eta ezagutza trukatuz.
Bilera-gelak beirazko espazioetan antolatzen dira. Espazio hauek akustikoki tratatutako guneak dira, eta bilerak, bideokonferentziak, sormen lana eta kontzentrazioa ahalbidetzen dituzte.
Azkenik, landaredia sartzeak langileen ongizatea sustatzeko giroa sortzen laguntzen du. Diseinu espazialean landareak sartuz, modu praktiko eta atseginean barne-giroetako arriskuak murrizten dira.